sábado, 29 de septiembre de 2012

ELKARRIZKETA

Ezkurra se ha acercado esta vez a la asociación de pelota Kamaraka, un grupo que nación en 1996 de la mano de Luis Mari Larizgoitia. Desde entonces niños y jóvenes del pueblo entrenan y participan en diversos campeonatos. En esta entrevista nos cuentan detalladamente la actividad de Kamaraka, el trabajo voluntario de muchas personas, la importancia de la amistad, de dotar de actividad al pueblo… Muestran también su preocupación por el descenso de la participación infantil en el deporte escolar, a la vez que manifiestan su satisfacción porque 6 pelotaris de más de 18 años siguen participando en este deporte. Les agradecemos el tiempo que nos han dedicado para hacernos llegar su afición por la pelota.

1.- Azalduko diguzu taldearen historia? Nola sortu zen? Noiz? Zer helburuekin?
“Arrankudiagako KAMARAKA pilota kirol elkartea” 1996. urtean sortu zen, Luis Mari Larizgoitiaren ekimen bat izan zen herriko umeek eta gazteek eskupilota jokatzen ikasteko. Hasieran entrenatzen zuten eta geroago hasi zen Arratia-Nerbioiko txapelketan parte hartzen, B mailan hasieran eta geroago A eta B mailan. Luis Marik jarraitzen du gaur egun lanean, presidentea eta entrenatzailea izanik.
Laster beste pertsona batzuk sartu ziren proiektuan eta hasi ziren lanean, horien artean, aipatuko nuke, bereziki, Jose Luis Iturrizar, honek ere urteetan lan egin du entrenatzaile eta delegatu moduan.
Aipatu dugun helburuaz aparte, eskupilotan aritzea, beste batzuk ditugu gaur egun: Arratia-Nerbioiko herrien artean adiskidetasuna bultzatzea, ume eta gazteen heziketa orokorrean partehartzea, herriari bizitza ematea, asteburuetan pilota partidak jokatuz, jaietan parte hartuz,...

2.- Zelan funtzionatzen du taldeak? (entrenamenduak, partidak…)Pilotari bakoitzak astean entrenamendu bi eta asteburuan partida bat dauka urtean zehar. Partiduak aste batean Arrankudiagan jokatzen ditugu, eta guk antolatu behar dugu dena: frontoia prestatu, ogitartekoak, epailearena egin,.. eta hurrengoan kanpoan.

3.- Hainbat txapelketetan parte hartzen duzue, eta zaila da mundu horretan sartuta ez dagoenarentzat ulertzea. Azalduko diguzue apur bat txapelketen sistema?
Bai, hainbat txapelketa daude urtean zehar alde batetik ofizialak eta bestetik pribatuak.

1. Ofizialak dira Bizkaiko Foru Aldundiko Eskola Kirolak Pilota Federazioarekin batera edo azken honek antolatzen dituenak.
1.1    Arratia-Nerbioiko txapelketa. Maila bitan, A eta B, zonako 12 herrik parte-hartzeen dute, prebenjaminetatik kadeteetara, hasia dago eta final batzuetan amaitzen da eta zonako pilota eguna dela esan dezakegu, desfilea, partidak, afaria,.... Gero batzuk, lehenak, Bizkaiko txapelketa jokatuko dute, bai mailaka, bai taldeka. Besteek jarraitzen dute Arratia.Nerbioin jokatzen bigarren buelta bat. Jubeniletan eta nagusietan jokatzen da Arratia-Nerbioi eta talde bana dugu kategoria hauetan. Pozgarria da benetan, 18 urte gorakoak jokatzen jarraitzea.
1.2     Bizkaiko banaka txapelketa. Kadeteetatik gora, zonaldeka aurretiko batzuk egiten dira launa atereaz eta irailean jokatzen da. Kamarakak bi finalista izan ditu azken bi urteetan. Eta aurten txapeldun bi.
1.3    Bizkaiko binaka txapelketa. Urritik aurrera, Klubak apuntatzen dira eta lehiatzen da. Aurten talde bi dugu, kadetean eta 22ko azpikoan.
1.4    Euskal Herriko txapelketa. Azken aurreko bi txapelketetan lehenak gelditzen direnak txapelketa honetan parte hartzen dute. Azken urteetan postua lortuta horretan aritu gara eta aurten ere arituko gara.
1.5    BAQUÉ txapelketa. Dagoeneko hasita dago, ranking baten arabera parte hartzen duzu. Iaz finalista bat izan genuen eta aurten bik hartuko dute parte.
1.6    UDABERRI txapelketa. Kadeteetatik aurrera Bizkaia mailan apuntatzen dira nahi duten taldeak maila desberdinetan. Izena esaten duenez udaberri aldean jokatzen da.
1.7    Herriarteko txapelketa. Azken urteetan aritu gara Bizkaiko klasiko honetan. Aurten 9 partidu jokatu dugu guztira, Lezama, Atxondo, Gernika, Zaratamo eta Galdakaoren kontra, Bizkaiko laugarren postua lortuz.


 






2012ko Herriarteko txapelketa. Lezaman
Iturrizar, Leturiaga, Ibarrondo, Arandia, Barandalla eta Arkotxa

1.8    Open Bizkaia. Udan jokatzen, haien artean, La Esperantza frontoian jokatzen den Bilboko afizionatuen txapelketa garrantzitsuenean ia egunero egon da gure frontoian ikasitako baten bat eta oso ondo aritu da prentsan agertu den arabera.
1.9    GRAVN txapelketa. Hautatzaile batek erabakitzen du nork hartuko duen parte Bizkaitik. Azken urtean Kamarakako batek jokatu du txapelketa hau.

2. Pribatuak.
Batzuetan izen ematea da, besteetan gonbidapenez parte hartzen duzu
Betidanik hartu dugu parte Amurrioko txapelketan adibidez, eta gure inguruko beste batzutan. Gero Zaramaga, Lizarra eta beste lekuetako txapelketan hartu dugu parte.
Orain VI Torneo Gobierno de La Rioja txapelketan Kamarakako bik finalerdiak jokatuko dituzte. Bat Diario Vascon aritzen da eta lehenago El Antiguon.

4.- Horrelako talde batean beti dago lan boluntario bat. Ordaindutakoa al da? Zenbat zaudete lanean?
Boluntarioa guztiz izan zen lehen urteetan. Orain dela lau urte edo hasi zen kuota txiki bat kobratzen eta entrenatzaileak bidaietarako eta dituzten gastuetarako dieta modukoak kobratzen dute. Helduek, era batera edo bestera, lan egiten dugu, batzuk antolakuntza lanetan, guztiok pilotarien ogitartekoak eta bisitariekin batera egiten diren meriendak prestatzen,...

5.- Ume pilotarien kopurua jaitsi da orokorrean, herrian ere bai? Zein da egoera orain?
Eskola kirolari dagokionez kirol guztietan jaitsi eginda partehartzea, futbolak bakarrik mantentzen du berea. Eta eskupilotan gauza bera, gurean eta Bizkaian jaitsi egin da pilotarien kopurua eta aztertu beharra dago gai hau. Txikienekin lan egin behar da harrobia ziurtatzeko, pasa den urtearen amaieran frontoira hurbildu zitzaizkigun batzuk eta horiekin jarraitu behar da lanean.
Bestetik pozgarria da guretzat 18 urtetik gorako dozena erdi pilotari izatea, entrenatzen eta horietariko batzuk jokatzen Arratia-Nerbioi eta Herriarteko txapelketan.

6.- Lehenago neskak ere ibili dira herrian entrenatzen, gaur egun? Gizonezkoen kirola al da eskupilota?
Bai neskak ibili dira entrenatzen eta baita jokatzen ere. Aipatuko nituzke: Leire Ría, Amaia Aspiazu, Ohiana Narbona,... gaur egun ez dago neskarik gure taldean. Gure ateak zabalik daude neska-mutil guztientzat.
Egia esan infantiletan eta are gehiago kadeteetan indarraren aldea gero eta handiago dela, neska oso gutxi daude,... eta uzten dute eskupilota. Mallabian zegoen neska bat, Amaia, oso ona eta gaur egun palara pasatu da.
Bizkaiko Federazioak eskupilota topaketa batzuk antolatu zituen “Neskentzako Pilota Programa” izenarekin Sopelan eta Mungian, eta baita ere “Emakume Pilotari” jaialdi bat Euskal Pilota jokamolde guztiekin.

7.- Errendimendua ala parte hartzea, zer aldarrikatzen du Kamarakak?
Euskal Kirolaren legeak hiru ibilbide zehazten du: hasierakoa, partehartzearena eta errendimenduarena.
Kamarakaren lehen helburua eskupilotan aritzea eta ondo pasatzea da. Kirola egitea ume guztien eskubidea da, bere praktikaren onurak handiak eta mota askotakoak dira eta hori da gure filosofia. Horrek ez du kentzen seriotasun minimoa eskatzea: entrenamenduetara joatea, saiatzea gauzak ondo egiten etab. Eta bakoitzari eskatzen zaio eman ahal duena.
Errendimendurako ibilbidea Kamarakak ez du lantzen, Bizkaiko Pilota Federazioak badu horretarako programa bat, lau entrenamendu astean,... mugatua da 6 pilotari soilik, 3 aurrelari eta hiru atzelari kategoria bakoitzean,... eta beste talde handi batzuk badute antzeko programak. Kamarakako pilotari bik errendimenduetarako entrenamenduak jarraitzen dituzte Federazioarekin.

8.-Amaitzeko, Arrankudiaga-Zolloko herritarrentzako mezurik…
Gaur egun badugu kirol talde bat pertsona batzuen esfortzuengatik, urteetako lanak bere fruitua eman du eta guztiz normala iruditzen zaigu jaietan, adibidez, gure pilotariek jokatzen duten partiduak ikustea, jaien parte bat da, urtean zehar gure herrira etortzen dira partidak jokatzera eta plaza inguruko tabernetan sartzen dira.
Halako lorpenak guztion artean mantendu behar ditugu.
Frontoia izan da leku bat umeak eta gazteak, batez ere, elkartzeko, jolasteko eta hala jarraitu behar du. Frontoia zabalik egon behar da eta erraztasunak eman erabiltzeko hortik hasten da zaletasuna eta “primietan” etab. jokatzen hobetzen da.
Aurkariaren kontra inolako biolentziarik gabeko kirola da, eta geurea, gogora ekarriko dut Panpi Ladutxe pilotari eta kantariak erretiratzean honela amaitzen den abestia kantatu zuela: “ Zer litzaiteke Eskual Herria pilotarik gabe?”
Eta eskerrak ematea udalari bere laguntzagatik eta jendeari jarraitzeagatik eta finaletara joateagatik.
Eta gure elkartearen egunekoa jarraitzeko interneten duzue http://arrankupilota.blogspot.com.es bloga.

No hay comentarios: