Unai Gorostizaga alkatetzarako hautagaia izan zen 2003ko hauteskundeetan, Adaxka plataforma abertzalearen zerrendan. Orduan aurkeztu ziren 249 zerrendetatik, Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zituen 241 zerrendatako bat izan zen.
1.- Unai, Arrankudiaga-Zolloko Ezker Abertzalearen historian, bere hauteskunde-zerrenda legez kanpo ikusteko “ohorea" izan zuen lehen hautagaietako bat. Nola bizi izan zenuen kanpaina hori?
Ohorea baino, zoritxarra izan zen hura. Herri mailan lan egiteko prest zegoen herritar zerrenda bat inolako kontenplaziorik gabe gainetik kendu zuten. Horrek inpotentzia eta frustrazio puntu batekin hastea suposatu zigun. Gogoratzen dut oso kanpaia mediatikoa izan zela, intentsitate handikoa, izan ere, egoera berezi hartan politikan aritzeko esfortzua edonori eskatzea ez zen batere erraza eta Adaxkak, kostata, baina azkenean lortu egin zuen. Zerrenda berri, gazte eta konpetente bat ateratzea lortu genuen eta, zentzu horretan, oso harro geunden. Pertsonalki, sentsazioak gazi-gozoak izan zirela esango nuke; motibazioa, erronka eta gogoa zeuden alde batetik; baina, bestetik, prestaketa faltak, ardurak, zerrenda-buru joatearen presioak eta egoeraren ziurgabetasunak bereziki bere eragin negatiboa izan zuten ere bai. Azkenean, presio guztien gainetik eta ilegalizazioaren beldur guztiak gaindituta, emaitza goresgarri bat lortu genuen.
2.- Jende guztiak zekien legez kanpo utzitako kandidatura bat zinetela, baina, hala ere, 175 boto lortu zenituzten. Zer mezu helarazi zenioten EAJko hautagaiari (Bingen Larizgoitia) zenbaketa amaitu ondoren?
Tentsio handiko kanpaia luze bat eta gero, zenbaketa unea heldu zen. Gure plataforma “ilegalak” emaitza oso txukuna atera zuen, baina EAJk gehiengoa lortu zuen. Gogoratzen dut, amaitu bezain pronto eta EAJkoen euforia momentu hartan, Bingen zoriondu nuela. Minutu erdiko solasaldi hartan, gauza bakar bat jakinarazi nahi nion: herriaren hitza eta erabaki demokratikoa onartzea alde batetik, eta printzipio horiekin begirunez jokatzea Adaxkako zinegotzi berriekin.
3.- Udala zuek gabe eratu zenetik, konplizitateren bat edo erraztasunen bat izan zenuten EAJren edo bere udal arduradunen aldetik?
Egia esan, gonbidatuta egon ez arren, udalaren eraketa hartan parte hartu genuen. Bertan, gure eskubideak aldarrikatzen zuen idazki bat irakurri genuen. Hortik hasita, politikoki marjinatuta sentitu ginen hurrengo urteetan zehar, erabat. EAJkoekin zenbait bilera izan genituen eta, batzuetan berba politak entzun bagenituen ere, hasieratik argi geratu zen udala “normalizatzeko” aukerez ez zutela ezer jakin nahi. Madrilek agintzen zuen eta, eurak ados egon ez arren, lege berriak “oparitutako” aukerak ondo aprobetxatzen jakin izan zuten.
4.- Nola definitu edo laburbilduko zenituzke oposizioan egindako lau urte horiek?
Urte gogorrak izan ziren; baztertze eta konfrontazio urteak izan ziren, baita biziraupen politikoaren aldekoak ere. Urte horietan askorentzat zaila izan da politikaz hitz egitea, eta herriko zinegotziek ahalegin txikiena ere ez zuten egin. Lubakitatik egin behar izan dugu lan urte horietan, erritmo geldoagoarekin, agian, baina zentzuz, motibazio handiarekin, herri hobe bat lortzeko, eta, jakina, eraginkortasuna lortzeko ere. Zentzu horretan, gure tresnarik onena Ezkurra izan dela uste dut. Batetik, askok ezagutzen ez zuten errealitatea kaleratzeko aukera eman digu, eta, bestetik, herriarekin harreman hurbilagoa eta zuzenagoa izaten lagundu digu.
5.- Azken galdera, guztioi egin dizueguna: zein da zure balorazioa Sorturen legalizazioa dela eta?
Egian esan, gehiengo batek espero genuena gertatu da azkenean. Bai Espainiako politikari zein epaileek tempo politikoak kontrolatzen maisuak direla erakutsi digute azken urteetan, eta oraingoan ere argudiorik gabe geratu arte ez dira SORTU legaltzat jotzeko kapazak izan. Hau esanda, berria, berez, oso ona iruditzen zait. Esparru politiko legala eskaintzen dio ezker abertzaleari eta hor ikusiko dugu nork bere baliabide eta indarrekin zer lortzeko gaitasuna duen. Horrez gain, oraindik asko landu behar den bake prozesurako ere funtsezko balioa izango duela iruditzen zait.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario