sábado, 31 de diciembre de 2011

Sokatira, Euskara eta Elkartasuna

Herriko frontoian ikusi genuen sokatira finala dela eta, saioa amaitu bezain pronto, ikusle zegoen batek hango giroaz zera esan zidan harrotasunez: "gaur sokatirak euskara ekarri dio herriari, txo!" Eta arrazoirik ez zitzaion falta, izan ere, azpimarratzekoa izan zen bizi izandako giro euskalduna. Sokatiraren berri ematen ari zena, kirolariak eta nola ez, harmailetako ikusleak ere euskaraz mintzatu ziren nagusiki. Arrakasta erabatekoa izan zen nire ustez, izan ere, harmailak beteta ikusteaz gain, kirol arloan ere oso final polita eta lehiatua ikusteko aukera izan genuen. Zentzu horretan, tiraldi ikaragarriak ikusi eta gero eta kiniela guztiak hankaz gora jarriaz, Amaiurreko mutilak eta Ibarrako neskak garaile atera ziren. Honetaz gain, saioan zehar, Txus Martin preso politikoaren egoera salatzeko herriko talde bat aritu zen lanean informazio orriak banatzen eta elkartasun sinadurak biltzen. Sari banaketa amaitu ostean, pankarta baten atzean ehun bat kirolarik eta ikuslek bere askatasuna eskatu zuten.

No hay comentarios: