martes, 30 de noviembre de 2010

ELKARRIZKETA

Ospatu barriak dire Zolloko San Martik jaiek, eta egoki ikusi dogu Jai Batzordeari elkarrizketa egitea, bailara osoan hain arrakastatsuak diren jaien atzean dagoen antolaketa lana eta filosofia hobeto ezagutzeko. Batzordearen izenean Garazi Abrisketa eta Aitana Izagirre izan dire gugaz.
1. Zer balorazio egiten dozue aurtengo Zolloko jaietaz?
Oso ona. Antolatzerako orduen, betiko moduen, jende askok hartu dau parte eta gustura egin dogu lana. Gero, jaietara jende asko etorri da eta egunero giro sano ona izan dogu. Zapatu gauean, batez bere, itzelezko jendetza egon zan. Gainera, eguraldiek bere lagundu egin dauzku.
2. Txan Magoa, esku pelota, herri kirolak, erromeriek, kontzertuek… gustu guztietarako eskaintza, ezta?
Herriko jaiek, batez bere, herriko jendeak ondo pasatzeko eta elkarbizitza bultzatzeko dira. Eta, horrez gain, inguruko herrietako jendeari bere parte hartzeko aukera eskaintzeko. Horrexegatik herritar guztieri begira antolatu behar dira, umietatik hasi eta aitite-amometara. San Martin egune, domeka eguerdie, herri bazkarie eta abar, adineko jendeari begira. Txan Magoa umientzat. Esku pelota, herri kirolak, plaza-dantza eta erromeriek beste batzuentzat. Kontzertue eta gau-pasa gazteentzat…

3. Euskal Herriko Txapelketa ofizial bat antolatu dozue aurten bere.
Bai, orain dala hiru urte Herri Kirol Federazioak aukera hori eskaini jozkun eta ausartu egin ginen Euskal Herriko Lasto Jaurtitze Txapelketa ofiziala antolatzera. Gu oso gustura geratu ginen eta Federazioa bere. Hiru urtetan segiduan antolatu dogu eta aurrerantzean bere jarraitzeko prest. Zollorentzat, hain txikia izanda, txapelketa ofizial bat mantentzea oso harro sentitzekoa da.

4. Jaietan jende asko egon dala dinozue.
Bai, egunero egon da giro oso ona. San Martin egunean, eguerdian zein iluntzean dohainik emoten dogun txarriki janean jende asko egon zan, baina zapatu gauean egon zan, batez bere, itzelezko gazte piloa. Gau hori inguruko herrietako gazteriari begira prestatzen dogu; horrexegatik antolatu gendun iluntzean aizkolari gazteen ekitaldia eta gero, gaueko 10etan hasi eta goizaldeko 5etara, kontzertue eta gau-pasa. Lehenengo, inguruko rock talde berriak (Itxaropen Zikina eta Herrikadak) eta ondoren bi talde ospetsu (Ze Esatek! eta Amaiur). Pelotalekua eta inguruak bete beterik egon ziren gau osoan. Jendea eten gabe dantzan eta giro mundiala! Iaz, aurreko urteetan baino askoz gazte gehiago etorri zan, eta aurten oraindik gehiago, gure aurreikuspen guztiek gainditute geratu dire.

5. Barriro bere, autobus zerbitzua antolatu dozue.
Bai, iazko arrakasta ikusita, zelan ez! Baina gauza barri bat sortu da: guk autobusa gazteriari begira antolatu dogu, baina, aurten, helduek bere zerbitzu hori erabili daurie, eta, gainera, igaz baino gazte gehiagok. Horregatik, kola handiek egon dire. Datorren urterako iluntze eta gau osoan etengabeko zerbitzua antolatzea eta ordu zehatzetan bi autobus jartzea pentsatu dogu. Toki askotatik jaso doguz zorionak eta eskerrak autobus zerbitzuagatik, batez bere, seme-alaba gaztetxoak daukiezan gurasoen aldetik.

6. Eta jaietako diru kontuek zelan joan dire?
Jaiek ordainduta dagoz eta diru kontuak zehatz atarata. Udaleko aurrekontuan jaietarako aurreikusita dagoen partidatik ordaintzen da gastuaren parte handi bat, baina ez dana. Falta dana, Larrena Zolloko herri elkartean ateratzen dan dirutik ordaintzen da.

7. Herri askotan jaiek beherantza doazela, eta zergatik horrenbesteko arrakasta Zollon?
Zolloko jaiek beti euki daurie izaera berezie. Toki askotatik etorten da Zollogaz urte askotako lotura daukon jendea, urteroko bisita egitera jaietan. Ez dire udako jaiek, neguaren ateetan dire, herrietako jaien zikloaren amaiera edo. Nortasun handikoak, bereziak… jai oso euskaldunak eta herrikoiak.

8. Herrikoiak dinozue. Non dago ezaugarri horren gakoa?
Gako nagusie jaien antolakuntzaren atzean dagoen zollotarren parte hartzea da. Alde batetik, Jai Batzordea guztiz zabala da, gura dauen edonork dauko parte hartzeko aukerea, bakoitzak berak gura dauen neurrian. Batzarretan, batzuetan jende gehiago egoten da eta beste batzuetan gutxiago, eta umiek bere han izaten dira parte hartzen, ikusten eta ikasten. Baina Jai Batzordetik aparte herri osoak hartzen dau parte antolakuntza lanetan laguntzen, odolosteak egiten, Larrena elkarteko turnoetan, herri bazkaria antolatzen, … Azkenean, zollotar guztiok sentitzen dogu jaietan parte garela eta oso geureak direla, guztionak. Eta jaietara kanpotik datorren jendeak bere Zolloko jaien atzean herri osoa dagoela sentitzen dau, eta horrek elkartasun giro berezia sortzen dau.

9. Odolosteak (mortzilak): Non eta nortzuren artean egiten dire, eta zergatik daukie hain ospe handie?
Odolosteena lan handie da eta jende askok hartzen dau parte. Larrena herri elkartean bertan egiten dire, Zollon beti egin diren modu berberean. Belaunaldiz belaunaldi erabili dan errezeta bardinagaz. Negu garaiko lehen odolosteak dire eta jende askok egiten dau jaietan urteroko bisita Zolloko odolosteak dastatzeko. Betidanik izan dire odolosteak gure jaietako protagonista nagusiak. Bueno, eta sano gozoak dire eh!

10. Eta jaiek amaitzeko Herri Bazkarie.
Bai, hori zollotarron arteko jaie izaten da. Ia herri guztie egoten da bazkarien, ume, gazte eta adineko. Gure arteko elkartasuna eta elkarbizitza sustatzeko oso aproposa. Bazkalostean, gauera arte, trikitixak lagunduta errepasu ederra emoten jako euskal kantutegiari eta dantzaldi ederrak egiten doguz. Gauean jaien amairako txupinazoa bota eta, datorren urtera arte!

Eskerrik asko zuen esperientzia gurekin konpartitzeagatik, eta esandakoa, datorren urteko San Martinetan hor egongo gara.

No hay comentarios: