
Apur bat harrituta utzi nau zuen martxoko aldizkarian agertutako gutunak, EAJko bi kidek sinatutakoa. Denok dakigu udalak oso informazio gutxi ematen diela herritarrei, baina EAJko juntako kide batzuk udaletxean erabakitako gai batzuetaz ezer ez jakitea… Juntako batzuk ez zekiten udalak garbiketa enpresa bat kontratatu duela eta enpresa horretako hiru pertsona udaleko zinegotzien familiakoak zirela. Informazio hori Ezkurran ikusi dute. Eta ez zekiten ere alkateak soldata bat kobratzen duela, Juntan ez zuela holakorik kobratzen esan zietelako. Informazio hau El Correo egunkarian ikusi zuten.
Beraz, nik ondorio bat atera dut. Udalean ezkutuan ari dira, beraien alderdikoen aurrean ere. Zergatik? Harriduraz gain, honek kezka ere sortzen dit. Gero eta ugariagoak dira ustelkeria kasuak gure inguruan. Horrelako bat ematen ari da gure udaletxean??
Ezkurran irakurrita, badakigu zeintzuk diren garbiketa enpresa kontratatzearen ondorioak: lan-poltsan zeudenak lanik gabe uztea, kontratazioa egin dutenen senideen alde. Horrek uste dut izen bat daukala Administrazioko kideen arau-hauste edo delituetan.
Eta soldatarena? Aspaldi hitz egin zen horretaz, datu askorik gabe. Alkateak Etxaukera sozietatean egun erdiko lana egiteagatik kobratzen omen zuen soldata hori. EAJko bi kide horiek bidalitako gutunean diotenaren arabera, 24.000 euro jasotzen ditu urtean, hau da, 1.200 euro gordin hilabetero. Hori goi mailako teknikari baten soldata erditik hurbil dago. Baina zein da alkateak Etxaukeran benetan egiten duen lana? Garondoko etxeak egiten ari ziren bitartean egingo zituen gestio lanak. Baina orain? Nik, behintzat, uste nuen Etxaukera desagertuta zegoela, herrian ez delako ikusten horren lanik. Ez dagokizunean Administrazioaren dirua hartzeak ere izen bat dauka.
Gardentasunaren aldeko bat
No hay comentarios:
Publicar un comentario