lunes, 31 de julio de 2017

ELKARRIZKETA Arrankudiaga-Zolloko KANPAMENDUAri

Hemos llegado a la 40ª edición del campamento de Arrankudiaga-Zollo. Desde la juventud de los años 70 y 80 hasta la participación activa de jóvenes y niñas y niños de hoy hay un gran trecho, pero enriquecedor, sin ninguna duda. Cuántos  pueblos se han conocido, cuántas relaciones nuevas o antiguas consolidadas, cuántas anécdotas y vivencias inolvidables, noches espectaculares, intensidad del momento, risas, lloros… No se puede negar que este “campamento” tiene su magia, la cual se ha mantenido a lo largo de los años.

•    Nondik dator magia hori zuen ustetan? Zergatik da hain berezia “kanpamentua” ?


Gure herriko kanpamendua duela 40 urte egiten hasi zen, beraz historia luzekoa dela esan dezakegu, eta horretaz gain, oso leku gutxitan aurkitu daitekeen “kanpamendua” da.
Gainerako kanpamenduetatik bereizten dela diogu, honetan, guk geuk, hau da, monitoreok umeen laguntzarekin egiten ditugulako egunerokotasunaren ekintza guztiak, adibidez: gosaria, bazkaria, merienda eta afaria prestatu, etxeko garbiketa egin, etab.
Ekintza guztiak egin ahal izateko, taldeka banatzen gara, eta horrela, gure artean txandakatzen, kanpamendura goazen guztiek parte hartzen dugu ekintza guztietan, txikienek mahaiak jartzen eta nagusienek jatekoa prestatzen, esaterako.

•    Gurasoekin hartu-emanetan zabiltzate azken urteetan. Zer bilatzen duzue, ba?


Bai, hori izan da gure asmoa behintzat. Oraingo monitoreak “ume” moduan kanpamendura joaten ginenean, gure gurasoek modu aktiboagoan parte hartzen zutela uste dugu, beraz gaurko umeen gurasoek ere modu horretan parte hartzea gustatuko litzaiguke; horregatik gaude gurasoekin hartu-emanetan.
Iaz hasi ginen gurasoei galdetzen ia zer egin ahal zen kanpamenduaren aldeko ekintza desberdinak aurrera eraman ahal izateko, eta aurten ere horretan jarraitu dugu. Aurten, esaterako, kanpamenduko 40. urteurrena ospatu dugu; “kanpamenduko asteburua” prestatu dugu, eta ekainean zehar bariku batzuetan bokatak prestatu ditugu.

•    Alde ekonomikoa kontrolpean duzue? Zer nolako laguntzak dituzue?

Baietz esan dezakegu, aurten prezioa igo behar izan dugun arren. Gure asmoa ez da ume bakoitzak 200 € ordaintzea eta kanpamendura joatea. Badakigu zer nolako egoera ekonomiko bizitzen ari garen; hori dela eta, ahalik eta merkeen eskaini nahi diegu kanpamendua.
Hori lortu ahal izateko, diru-laguntza ekonomikoak ditugu, udaletxetik eta Bizkaiko Aldunditik. Horretaz gain, ekintza desberdinen bidez, dirua lortzen dugu ere, adibidez, umeek saltzen dituzten boletoekin, Basakoetxeko jaietan egiten dugun gazte edo indaben apustuaren bidez, etab. Aurten kamisetak egin ditugu, eta “kanpamenduko asteburuan” lortutako dirua ere kanpamenduko erosketak egin ahal izateko eta etxea ordaindu ahal izateko bideratu dugu.

 •    Eta aurtengoari buruz zer berri?  (nora, noiz, zenbat izango zarete)?

Aurtengo kanpamendua abuztuaren 4tik 10era bitartean izango da, eta Sarriara joango gara. Guztira, 35 ume eta 12 monitoreko taldea osatzen dugu. Arrazoi desberdinak direla eta, monitore batzuk asteburuan joateko aukera baino ez dute eta beste batzuek beranduago joatea baino ez dute, baina hau gutxiengo batzuen kasua baino ez da.
Aurten, ekonomia kontrolpean izan arren, esan beharra daukagu ez gabiltzala oso ondo, hori dela eta gurasoek eraman behar izango dituzte umeak Sarriara.
Aukera hau posible dela ikusi dugu, orain dela urte batzuk gure herritik gertu zeuden kanpamenduetara gure gurasoek eramaten gintuztelako eta ez zen autobusik erabiltzen. Horrela, apurka-apurka, aurrezten joaten ziren. Hau horrela izanda, aurten ere antzinako eta ez hain antzinako ohituretara pasatzea pentsatu dugu.
Kanpamenduko ekintzetan murgilduz, jakingo duzue azkeneko gauean jaia izaten dugula etxean, eta kanpamenduak irauten duen astean gai bat jorratzen da. Azkeneko gau horretan antzerki, dantza edo azken urteetan erabili izan dugun film laburren bidez ikusarazten diegu gainontzeko taldekideei zelan landu dugun guk gai hori.
Aurten, “tribuak” edo dantzak jorratzea pentsatu dugu, eta hauek izango dira landuko ditugun 5 dantzak: Euskal Dantzak, Breakdance, Hip-Hop, Danza del vientre eta Sevillanak.
Polita izango da azken gaueko antzerki edo ikuskizun hauek ikustea!

•    Zer eskaintzen dizue aurtengo lekuak?

Sarriako aterpetxeak ez digu igerilekurik eskaintzen, baina badakigu eta han izan gara ekintza desberdinak prestatzeko lekua ikusten, paseo txiki bat emanez, putzuak daude inguruan bai eta Gorbeiako parketxea ere. Horrek naturarekin harreman gehiago izatea posible egingo digu.

•    Zer da umeei gehien gustatzen zaiena kanpamentutik? Eta gutxien?

Kanpamenduak aukera asko eskaintzen die umeei, adibidez, adin desberdinetako umeak elkarrekin egoten dira jolasean eta elkarbizitzan aste osoan zehar.
Esan daiteke, batzuei gehien gustatzen zaiena ur olinpiadak izaten direla eta gutxien gauak.
Gauetan eta ohiturak jarraituz, umeak ohetik altxatu egiten dira eta lo daudenak margotu egiten dituzte errotuladoreekin. Hori da askori gutxien gustatzen zaiena, hurrengo goizean ez dutelako margotuta altxatu nahi eta “beldur” pixka batekin lotara joaten direla esan daiteke. Baina esan beharra dago ere hurrengo goizean aurpegi margoztuekin denek egiten dutela barre eta ondo pasatzen dutela.

•    Jaietarako zerbait prestatuko duzue?

Bai, noski. Urteak daramatzagu jaietako umeen egunean kanpamenduko proiekzioa egiten. Jakingo duzuen bezala, frontoian jartzen dugu kanpamenduko bideoa. Horretan, astean zehar egindako ekintza desberdinen argazkiak ikusten ditugu, gurasoek eta Arrankudiaga-Zolloko herritarrek urte horretako kanpamendua nolako izan den eta zer nolakoa ekintzak egin diren ikusi ahal izateko.
Bideo hori salgai egoten da urtero. Orain arte, CD-ROMetan saldu ditugu, baina aurten PENDRIVEtan salduko ditugu.
Animatu eta etorri gurekin batera Arrankudiaga eta Zolloko 2017ko kanpamenduko proiekzioa ikustera!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Komentarioak egin ahal dituzu hemen, baina beti sinatuta bukaeran.
Aqui puedes hacer tus comentarios, pero siempre firmando al final.