martes, 31 de marzo de 2015

ELKARRIZKETA

GARAZI ABRISKETAri

Siguiendo con la entrevista realizada el mes pasado, esta vez nos hemos juntado con Garazi Abrisketa, segunda candidata en la lista que supero ocho años de ilegalización y de política antidemocrática. Ella ha realizado funciones de teniente-alcalde y ha sido la responsable del grupo de trabajo Derechos Ciudadanos.


1.- Kontatu iezaguzu garai berezi hartan zelan bizi izan zenuen zerrendetan joatearen eskaera. Eta, nola ez, irabazi ondorengo lehenengo uneak
Egia esan ez nuen inondik inora ere proposamena espero. Egun batzuk lehenago proposamen bera jaso nuen Ugaon eta harritu egin ninduen horrek ere. Nahiz eta garai hartan gehiago mugitzen nintzen Ugaotik eta bertako gazteekin ibiltzen nintzen, naturalagoa iruditu zitzaidan gure herrian lan egin ahal izatea. Garai hartan egoera nahiko zaila zenez eta hainbat herritarrek zerrendetan sartzeko arazoak zituztenez, ahalegina egitea beharrezkoa zela sentitu nuen, nahiz eta lar gaztea eta oso ezjakina nintzela uste nuen. Gero “kutsatuen” zerrenda famatu hura agertu zenean eta ni gurea “kutsatzen” zuena nintzela ikusitakoan arduratu nintzen... eta irabazi ondoren ba, urduritasuna, emozioa, eta lan egiteko gogo handiak sentitu nituen. 


2.- Zaila da zu bezalako herritar batentzat udaleko dinamikan murgiltzea? Zer suposatzen du horrek? 
Agian adinagatik, agian udalak aurretik izandako funtzionamenduagatik... ez nituen ezagutzen udaletxeko nondik norakoak, eta, noski, dinamikan sartzea apur bat kostatzen da. Interesa behar da, motibazioa, pazientzia, umore ona eta, batez ere, denbora asko. Uste dut baldintza horiek betetzen dituen edonor murgildu ahalko zela udalaren dinamikan. Eguneroko bizitza baldintzatu egiten du ardura garrantzitsua delako eta denbora eskaini behar zaiolako, eta ondorioz beste gauza batzuei kendu. 
Lantaldeei dagokionez... nola definitu! Lantaldeak babesa emateaz gain, laguntza, maitasuna eta laguntasuna ere eman dit (batzuentzat txikikeria bat izan ahal dira gauza hauek, baina benetan eskertzen dira). Talde handi bat egon da lau urte hauetan gelditu gabe lanean, trukean ezer jaso gabe eta gehienetan inoren eskerrik jaso gabe. Niretzako legealdiaren alderdirik ederrena izan da taldea eta ezinbestekoak izan dira nire alboan egon diren Nerea eta Barru, oharkabean ia ia familiakoak bihurtu direnak eta lantaldetik harago edozein mesede egiteko prest egon diren langile nekaezinak: Itziar, Agurtzane, Julen... Oso garrantzitsua izan da taldea guretzat, gure lan egiteko moduaren OINARRIA. 


3.- Zure bizipen pertsonaletik abiatuta, Herritarren Eskubideak arloan egindako lanetik, zer azpimarratuko zenuke lau urte hautetatik? Eta alde negatiboan, aipatzeko moduko zerbait? Egin gabe geratu den zerbait edo penatuta utzi zaituen zerbait?
Batez ere azpimarratuko nuke lantaldean finkatu dugun helburu bat lortu ahal izan dugula, hau da, gauzak taldean antolatzearen garrantziaz ohartu gara eta horretan aritu gara buru belarri. Antolatu izan ditugun ekintzak, landu diren manifestuak... ahalik eta parte-hartzaileenak izatea lortu nahi izan dugu eta horren harira jaio da Koordinazio Gunea, niretzako gauzarik azpimarragarriena. Azpimarratzekoa da ere gazte askoren parte-hartze aktiboa, hasieratik beraiekin lan egin nahi izan dugun guztietan prest egon direlako (antolatuta ez zeudenean ere). Parekidetasunaren bidean egindako lana ere oso positibotzat hartzen dut.
Alde negatiboari dagokionez, hirugarren adinaren esparrua gelditu zaigu apur bat zintzilik. Hasiera batean saiatu ginen arren, oraindik kostatu egiten zaigu haiengana heltzea. 

4.- Eta Zollori dagokionez, bertako auzokidea izanda, zer esango zenuke? 
Modu erregularrean aritu gara Zolloko juntan lanean, talde moduan hemen ere hainbat herritar eduki ditut alboan... Joseba Etxezarraga, Alazne Abrisketa, Txutxi Ariznabarreta. Juntakoak ez diren herritarren parte-hartzea ere nabarmentzekoa da, bai auzolanetan, asanbladatan zein edozein ekimenetan. Hala ere gauza asko geratu zaizkigu egin gabe, hile honetan bertan egindako herri asanbladan baloratu genuen bezala. 

5.- Zer nolako harremanak izan dituzu oposizioko alderdiarekin? Garai berrietan badago elkarrekin lan egiterik? 
Hasiera batean apur bat tirabiratsuak izan ziren osoko bilkurak; gu berriak ginen, eta ziurtasun gutxi genuen eta haiek zentzurik gabeko gauzak eskatzen zituzten. Gerora gauzak asko lasaitu ziren eta azken ia 3 urtetako bilkuretako harremanak oso natural eta normalak izan dira; are gehiago, erabaki asko aho batez adostu ditugu.
Haien aldetik gure lantaldean izan duten parte-hartzea ez da oso ohikoa izan, agian ez delako haien lan egiteko modua; hala ere egon direnean modu aktiboan aritu dira, eta niri pertsonalki oso garrantzitsua iruditzen zait elkarlana ahal den neurrian indartzen jarraitzea. 


6.- Eta herritarrengandik zer jaso duzu? Herri zorrotza da gurea? 
Herri txikiak dira gureak eta horrek baditu bere alde on eta txarrak. “Arranku tiene ojos, y francotiradores...” esaten du jada ospetsua den kantuak eta batzuetan horrek beldur apur bat ematen du. Kargu publikoa zaren momentutik jendea zorrotza edo kritikoa izango denaren beldurra beti dago hor, eta horrek urduritasuna sortzen du, ardura apur bat (bakoitzaren izaeraren arabera). Sarri entzun dut ingurukoengandik gainera: “Udaletxean egoteak ez dizu ezer onik ekarriko, disgustuak bakarrik!” Baina egia esan nire kasuan ez da horrela izan, nirekin ez dira oso zorrotzak izan, disgusturen bat eraman dut, agian nire izaeragatik, baina ez asko lau urtetan! Herri atseginak dira gureak! 

7.- Badakigu Bildu herri programa eta zerrendak osatzeko lanean murgilduta dagoela, baina, ikusten duzu zure burua berriro zinegotzi bezala? Zergatik?
Ez nire burua soilik, herritar asko eta asko ikusten ditut gai zinegotzi bezala aritzeko, baina badirudi jendeak ez duela horrela ikusten, eta oso jende gutxi animatzen da. Pena ematen dit horrek. Udaletxetik jende berria pasatu beharko litzateke etengabe, ikasteko, udaletxea demokratizatzeko, udaletxeari “beldurra” kentzeko eta lana askoren artean banatzeko.

8.- Bukatzeko, mezuren bat edota kontatzeko moduko anekdotaren bat?
Aukera hau aprobetxatuko dut Itziar, Koldo eta Mikel zoriontzeko lau urte hauetan egin duten ahaleginagatik, eman dizkiguten ordu guztiengatik eta ikasi dugun guztiagatik, baita eskerrak emateko ere hain talde atsegina izateagatik. Mimo eta babes asko eman diogu elkarri. Hurrengoan ingurukoek udaletxetik ezer ere ez dudala jasoko esaten didatenean, mimoak jaso ditudala esango diet!
Eta nola ez, eskerrak eman ni ume nintzenetik hor lanean aritu zareten guztioi, garai ilunenetan aurpegia eman duzuenei: Jazarpenak, ilegalizazioa... bizi arren inurri lana egiten jarraitzen duzuen horiei. 
ESKERRIK ASKO ETA AURRERA BETI!

No hay comentarios: