sábado, 31 de enero de 2015

ELKARRIZKETA

KANPOAN IKASI DUTENAK 
AITOR, IRATXE eta IZADIri

Para hacer la entrevista de este número nos hemos reunido con tres jóvenes del pueblo que por diferentes razones han realizado parte de sus estudios fuera de Euskal Herria: Iratxe, Izadi y Aitor. Queríamos que nos hicieran partícipes de su experiencia, qué supone vivir y estudiar fuera de casa, lejos de la familia, amistades… Dicen que la experiencia es un grado y para estas vecinas y vecino de Arrankudiaga quizá el conocimiento y el hecho de haber pasado por esta “prueba” puede que les sea de gran provecho  para emprender otras en el futuro. Más aún si tenemos en cuenta la cada vez mayor cantidad de jóvenes que tienen que irse a la fuerza a buscar un trabajo que aquí no tienen.  


1.-Hasteko, aurkezpena egingo dugu. Non egon zarete, zenbat denbora eta zer ikasi duzue?
Iratxe: Italian egon nintzen, Ravennan. Arte Ederren 4. mailaren zati bat egiten. 7 hilabete egin nituen han.
Izadi: Ni Alemanian egon naiz, Leipzigen, ikasturte oso bat. Hizkuntz Modernoak ikasten ari naiz, eta han 3. maila egin dut: Ingeles ikasketak.
Aitor: Ni Italian egon nintzen ere, Milanen. Arkitektura ikasketen 5. maila egin nuen. Ikasturte osoa eman nuen han.

2.- Gogorra da bizitza etxetik urrun? Zeren falta nabaritu duzue?
Iratxe: Ba, egia esan behar badut, ez da izan batere gogorra. Une batzuetan bakarrik sentitzen zara, baina orokorrean, oso ondo. Oso esperientzia ona izan da.
Aitor: Ados nago. Nire kasuan, gainera, ohituta nengoen etxetik kanpo egoten, Donostian ikasten bainuen. Gainera, han zaudela, lagun berriak egiten dituzu, beste bizimodu bat daukazu, eta hemengoa urrun geratzen da.
Izadi: Faltan botatzekotan, hemengo jana. Alemanian gehiena txerrian oinarritzen da, eta imajinatu zenbat kolesterol.

Iratxe: Jatekoari dagokionez, Italian dena zen pasta, pizza eta arroza. Hona bueltatu nintzenean, dilistak jan nituenean, botaka eta guzti egin nuen. Sabela ez zegoen ohituta.
Aitor: Eta hemengoa faltan botatzen duzunean, hor dago Internet, ETB ikusteko, adibidez. Ikasketa sistema ere diferentea da. Presio gutxiago dago. Azterketa asko ahozkoak ziren. Eta beste karrera batzuetako ikasgaiak ere egin ahal ziren. 
Izadi: Nik ahozko azterketak eta lanak izan nituen. Eta idatzizko azterketak klasean jende asko ginenean. Batzuetan, azterketak ez egiteko aukera zegoen. Azterketarekin 10 kreditu lortzen zenituen. Eta azterketa egin gabe, gutxiago, baina asistentzia eta parte-hartzea bermatuta. Klase parte-hartzaileak ziren.
Iratxe: Nire kasuan, lanak aurkeztu behar genituen batez ere. Eta azterketaren bat ere egiten genuen.

3.- Ez dira bakarrik ikasketen gastuak; han bizitzeak eragindako gastuak ere hor daude. ETxea, jatekoa, garraioa, telefonoa… hori dena garestia da ezta?
Iratxe: Ba bai. Nire kasuan, eman zidaten laguntzarekin, bidaia eta etxea ordaintzeko ematen zidan, baina gainerakoa nire kontura. 
Aitor: Etxekoen inbertsioa ezinbestekoa da. Diru-laguntza eman arren, hasieran % 20 baino ez dute ordaintzen. Gainerako % 80 amaitu duzunean ordaintzen dizute; beraz, etxekoek aurreratu behar dute dena.
Izadi: Kanpora joateko laguntzak Eusko Jaurlaritzak, Estatuak edo bankuek ematen dituzte, baina inoiz ez dituzte gastu guztiak betetzen. Gainera, gero eta diru gutxiago ematen dute. Beka kopurua ez da aldatu, baina beketarako jarritako dirua bai; orain gutxiago dago; ondorioz, dagoena beka guztien artean banatu behar da.

Zelan da Erasmus programarena?
Iratxe: Arte Ederren kasuan, kontuan hartzen dute nota. Eskaera aurkeztu behar duzu, 3-4 leku aukeratuta. Nik Frantzia aukeratu nuen, baina Italia tokatu zitzaidan.
Aitor: Arkitekturaren kasuan, notaren arabera zehazten dute nora joango zaren, baina, horrez gainera, ikasgaiak baliokidetzeko aukera izan behar duzu. Lan hori norberak egin behar du, eta ez da izaten erraza. Interneten dagoen informazioarekin hasten zara, eta beti ez dago eguneratuta, eta gero han hainbeste denbora eman behar duzu baliokidetze horiek egiten, ikasketei ekin aurretik. 

4.- Beste kultura batzuk, beste hizkuntza batzuk, idiosinkrasia berezia… Benetan, hain aberasgarria da esperientzia?
Oso oso aberasgarria, erantzun dute hirurek aldi berean. Eta aurpegietan nabaritu zaie benetan ari zirela.
Aitor: Beste toki batzuetako bizimodua ezagutzen duzu. Oso ezberdinak dira eta asko ikasten da. Hizkuntzak ere ikasten dituzu. Azken batean, txip-aldaketa bat dago. Egia da hasieran deskolokatuta zaudela, batez ere hizkuntzagatik. Baina, italiera ez da hain zaila, eta egunkaria irakurrita, telebista ikusita eta jendearekin ikasi nuen nik.
Iratxe: Jende askorekin egoteko aukera duzu. Asko ikasten da horrela. Egia da zailtasunak ere badaudela, adibidez, etxea topatzeko, baina zure egoeran dauden gehiago daudenez, beti topatzen duzu laguntza.
Izadi: Nik harreman asko egin ditu. Oporretan ere joan naiz han ezagututako jendearekin. 

5.- Beraz, herriko gazteak Arrankudiaga-Zollotik urrun ikastera animatuko zenituzkete?
Honetan ere ados daude hirurak. Aukera izanez gero, bizi beharreko esperientzia dela diote.
Izadi: Jakina baietz. Gainera, nire karreraren kasuan, ezinbestekoa da kanpora joatea, hizkuntza ondo ikasteko.
Iratxe: Merezi du. Batetik, arlo pertsonalean, helduago egiten zarelako. Eta, bestetik, arlo profesionalean, esperientzia lortzen duzulako eta curriculuma osatzen duzulako.
Aitor: Eta, batzuetan, egon zaren lekuan lana aurkitzeko aukera izaten duzu.

6.-Urrun ikastera joatea gauza bat da, baina, lana bilatzera joan beharko bazinete, itzultzeko datarik gabe?

Aitor: Ba, bai, joango nintzateke. Gainera, lagun asko ditut kanpoan lanean.
Izadi: Zergatik ez? Orain errazagoa da lana kanpoan topatzea
Iratxe: Ni joango nintzateke, baina bizpahiru urte, eta gero buelta.

7.- Kanpoan egon zinetenean faltan bota zenutenaz galdetu dizuegu. Baina, hemen egonda, hango zerbaiten falta nabaritzen duzue? Edo, nolakoa izan zen buelta?
Iratxe: Bueltan, aldaketa handia izan zen. Batez ere etxera bueltatzea, bizimodu autonomoa izan eta gero. Eta unibertsitatean erritmoa hartzeko arazorik ez. Gainera, Italian ezagututako batzuk hona etorri ziren, Erasmus programarekin.
Aitor: Nik ez nuen arazorik izan bueltan. Donostiara itzuli nintzen, hau da, etxetik kanpo jarraitu nuen.
Izadi: Ni oraindik lurreratu gabe nago. Baina nire ikasgelako guztiak ere egon dira programa honetan, eta bizitakoa partekatzeko aukera dugu. Eta bizitakoa lagungarria da hona ikastera datozenen egoera ulertzeko. Orain beste modu batean ikusten ditut hona etortzen direnak, eta errazagoa egiten zait harrera egitea.
Izadi: Eta faltan bota, ba lagunak, egiten genituen afari internazionalak, lagunekin izan dudan harreman estua… Han egoera beste bat da, eta beti zaude elkarrekin, egun osoa. Hemen bakoitza bere etxean dago, eta noizbehinka elkartzen zara.
Aitor: Ni Milanen egon nintzen. Oso hiri handia da, eta beti zegoen zerbait. Arrankudiaga oso txikia da, eta, normala denez, ez dago hainbeste giro.

8.-“Ligoteoak”, “desmadreak”, mugitzeko askatasuna…. Egia da, ala legenda urbanoak dira? 
Isilune bat…. Dena ezin da kontatu eta.
Aitor: Egia da han gehiago ateratzen zarela. Batetik, jendearekin egoteko. Eta bestetik, Milan oso handia denez, lehen esan dudan bezala, ekintza ugari zeuden. Adibidez, unibertsitatean talde espezifiko bat zegoen ekintzak antolatzeko. Eta egia da desmadre apur bat badagoela. Baina parrandak ere ezberdinak ziren. Han gaueko 12:00etarako dena itxita zegoen. Asko egiten zen jendearen etxeetan. Hemengo jendearekin egoten nintzen, baina italiarrekin ere.
Iratxe: Nire kasuan ere jai asko egiten ziren etxeetan. Eta kanpokoak bi bakarrik ginenez, asko egoten ginen bertakoekin.

Izadi: Nik lotsa galdu dut han. Euskaldun koadrila batzen ginen, eta berdin zitzaigun zer egin edo zer esan, inork ez gintuen ezagutzen eta. Ekintzei dagokienez, egunero zegoen zerbait Erasmusen sartuta geundenontzat.

9.- Amaitzeko, anekdotaren bat edo bitxikeriaren bat kontatzeko?
Batzuk, hizkuntzarekin.
Aitor: Legatza erosi nahi nuen, bazkaria egiteko, baina italieraz moldatzen hasia banintzen ere, nire hiztegia ez zen oso aberatsa. Beraz, hiztegian kontsultatu nuen legatza nola eskatu jakiteko. Eta han joan nintzen poz-pozik, eta «sbornia” eskatu. Baina, arrandegikoak itzelezko harridura aurpegia ipini zuen. Gero esan zidaten «sbornia» «merluza» hitzaren esanahietako bat dela, baina mozkorraldia esan nahi duena.
Iratxe: niri ere antzeko zerbait pasatu zitzaidan. Maletekin nengoela, maletak zaintzeko eskatu nion bati, eta harrituta eta irribarretsu begiratu ninduen. Haientzat «maletas» barrabilak dira, eta beraz, barrabilak zaintzeko eskatzen ari nintzen.
Ohiturak:
Iratxe: han, lizentziatu ondoren, laurea jaia egiten dute. Ni hango batzuen jaira joan nintzen, baina nirea ezin izan nuen ospatu, oraindik hiruhileko bat falta zitzaidalako. Hala ere, nik amaitu nuenerako, hango batzuk hemen zeuden Erasmus programarekin, eta haiek egin zidaten laurea jaia, ereinotz-koroa barne. 
Aitor: Niri kuriosoa egin zitzaidan ikustea euskal eguna ospatzen zutela.
Izadi: Ni nengoen lekuan, euskara, galego eta katalan eskolak ematen ziren, eta ezagutu nuen aleman bat oso ondo hitz egiten zuena euskaraz. Eta hizkuntza gutxituen jaiak ere egiten ziren. Bakoitzak bere lurraldeko gauzak eramaten zituen. Guri besterik okurritu ez, eta kalimotxoa eraman genuen (osagaiak erraz aurkitzekoak direlako).

Eskerrik asko, benetan. Consideran que su experiencia ha sido enriquecedora, pero lo verdaderamente enriquecedor ha sido escucharles y ver su alegría al hablar y recordar lo vivido fuera de aquí.

No hay comentarios: