sábado, 29 de noviembre de 2014

ZURE IRITZIA

ZORIONAK ETA AURRERA

Arrankudiagako Ernai gazte antolakundeak hurrengo balorazioa  egiten du pasa den azaroaren 2an Arrankudiaga-Zollon egin zen Euskal Herriko subiranotasunari buruzko galdeketaren inguruan:
Lehenik eta behin, Ados plataforma zoriondu nahi dugu, eta eskerrak eman eginiko lanagatik,  lan gogorra eginda eta traba guztiak gaindituta, arazo batik lortu dutelako galdeketa egitea eta Arrankudiaga-Zolloko biztanleek egun historiko horretan era demokratiko batean euren etorkizunari buruz duten iritzia argi uztea.
Zoriontzekoa da ere biztanleen erantzuna, argi utzi dugulako zein den gure nahia, eta gainera zilegitasuna eman diogulako galdeketari, aukerarik eman gabe kritikatzeko, era demokratikoan eman baitugu biztanleok (biztanle guztien ia % 62) gure iritzia.
Gureari dagokionez, gazteria ere zoriondu nahi dugu, hauteslekuan erakutsi duen konpromisogatik, gazte gehienak joan baitziren bozkatzera eta, ez bozkatzera bakarrik, egunean zehar lan handia egin baitzuten gehienek. Horregatik ere zoriondu nahi dugu plataforma, herria aktibatzea lortu duelako, baita herrian interesa eta ilusioa piztea ere.
Emaitzei dagokienez, Arrankudiaga-Zollok argi utzi zuen zein den bere nahia: independentzia. Emandako botoetatik ia % 90 independentziaren aldekoak izan ziren, eta hori da gure nahia ere;  Adoseko bozeramaileak esan bezala, hautetsontzia ez zen botoz bakarrik bete, ilusioz ere bete zen, aurrera jarraitzeko ilusioz. Horregatik, biztanleak borrokan jarraitzera gonbidatu nahi ditugu, Espainiako eta Frantziako blokeo politikei aurre egiten jarraitzeko, eginiko lana ez dadin egun bakarrean eta zenbaki hutsetan geratu. Inoiz baino gehiago borroka garaia delako eta argi eta garbi utzi behar diegulako ez dugula haien parte izaten jarraitu nahi. Esan bezala, gure erabakia argia da; independentzia da gure helburua, eta Euskal Herri independentea, feminista eta sozialista lortu arte borrokan jarraitu behar dugu.
Jo ta ke Euskal Herri independentea, sozialista eta feminista lortu arte!
Arrankudiagako Ernai gazte antolakundea

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Komentarioak egin ahal dituzu hemen, baina beti sinatuta bukaeran.
Aqui puedes hacer tus comentarios, pero siempre firmando al final.