Hace poco, el 13 de octubre, se celebró la carrera Arrankudiaga-Zollo II. Trail lasterketa. Ha sido la segunda edición, y nos ha parecido interesante estar con Mikel Abrisketa concejal de Cultura y Deportes para informarnos sobre la carrera y sus particularidades.
Zer dela eta antolatu duzue lasterketa hau?
Egia esan denboratxoa generaman horrelako ekitaldi bat antolatu nahian. Modan daude mendiko lasterketak, eta gure parajeak erakusteko modukoak izanik, aukera ezin hobea iruditzen zitzaigun holako zerbait prestatzea, kirola eta mendia uztartuz. Herrian futbola eta pilota zaleak nagusi badira ere, korrikalari asko dago bai menditik zein asfalto gainetik dabilena. Nolabait, kirolari guzti horiei elkarrekin batera zerbait zehatza prestatzeko aukera eman nahi genien eta horretarako Zollo eta Arrankudiaga lotzen dituen ibilbide mistoa jarri genuen mahai gainean.
Aurtengoa bigarren aldia izan da. Zer aldatu duzue pasadan urtetik?
Aldaketa gehiegi egon ez arren, nobedadeak ikusi ditugu pasadan urteko lasterketarekin alderatuz. Lehenengo aldaketa parte hartzaileen kopuru maximoaren igoera izan da, 150etik 250era. Iazko demanda oso handia izan zen eta, berriro labur ez geratzeko, igo egin dugu. Bestalde, 5 € kobratzeko erabakia hartu zen ere. Doan izateak bere xarma zuen, baina seriotasunean galtzen zuen. Aurten, ez dugu kobratu dirua ateratzeko soilik, izan ere, korrikalari bakoitzak bere kamisetatxoa eskuratu du opari bezala. Eta azken aldaketa “Basahuntz Trail Zirkuitoa” delakoaren barne egotearena izan da. Basauriko X-Treme Finaga eta San Antonio X-Tremerekin batera zirkuitu bat osatzen dugu, non, sari bereziak egoteaz gain, parte hartzeko baldintza batzuk dauden. Lanak erraztu eta merkatzeaz gain, parte-hartze bateratu bat bilatzen da eta, gure kasuan, oso positiboa izan da guzti hori.
Eta zer eskaini dizue Basahuntz Trail Zirkuitoak?
Propaganda eta seriotasun aldetik asko irabazi dugu; izan ere, beste bi lasterketak oso ospe ona dute gure inguruan eta Bizkaiko korrikalari askoren egutegietan ziurrak dira. Zentzu horretan, zirkuituaren parte izateak jende asko erakarri du. Aurtengoa, hala ere, lehenengo aldia izan da eta espero dugu hurrengoetarako zirkuituaren pisua handiagoa izatea.
Zelan antolatzen da horrelako ekitaldi bat?
Ba, egia esan, hainbeste kirolarik parte hartzeak gauzak ondo egitera behartzen zaitu eta horrek jende askoren lana eskatzen du. Hasieran burokraziarekin lotutako lan pilo dago betetzeke. Horrez gain, lasterketa ondo saldu behar da eta, horretarako, kartelez gain, sare sozialak ezinbestekoak izan ohi dira. Hor gure kontaktuak izan ditugu, klabeak gainera. Zirkuitua prestatzearena ere beste erronka bat da eta, ibilbidea menditik igarotzen denez, pista asko garbitu behar dira eta horrek ere lan handia eskatzen du. Honetan ere jendearen laguntza bikaina izan da. Azkenik, lasterketa eguneko lanak ditugu eta hauek bertan egoten diren berrogei boluntarioren lanari esker egin ahal dira. Bakoitza bere zeregin zehaztuarekin, ibilbidearen eta kirolarien beharrak ondo kudeatuta geratzen dira. Lan batzuk aipatzearren: zerbitzu medikuak, aldagelak zaintzea, inskripzioak, gurutze-bideak zaintzea, trafikoa kudeatzea, arropa batzea, sari banaketa, hornidura eta abar.
Eta ibilbideari buruz zer kontatu ahal diguzu?
Ibilbidea kirolariarentzat erakargarria dela iruditzen zaigu eta zentzu horretan aldaketa puntualetara irekita bagaude ere, argi daukagu Arrankudiaga eta Zollo lotzen duen tartea izan behar dela. Proposatutako ibilbide honek kirola eta mendiaren kutsuarekin batera zentzua ematen diote guk proposatutako ikuskizunari. Lasterketa berez, Elexalden hasi eta Garondo, Zabale, Goizarri, Ustara, Etxebarri Zollo, Almiña eta Bidikurtze igaro eta gero, berriro ere herriko plazara bueltatzen da, han bukatzen baita.
Bete dituzue aurtengo lasterketako helburuak?
Balorazio orokorra egin barik badago ere, era orokorrean baietz esan dezaket. Parte-hartzaile kopurua ezin hobea izan da; ez da egon istripurik; ibilbidea ondo markatuta eta garbi egon da eta, orokorrean, kirolarien eskutik entzundakoak balorazio baikor bat egitera eramango gaitu. Hobetzeko erronkak baditugu hala ere; izan ere, aurten 35 emakumek parte hartu badute ere, herriko emakumerik ez da egon. Badakigu neska gazte batzuk gogoekin geratu direla, beraz, datorren urtean errepikatzen badugu, parte hartzera animatzen ditut. Umeen kros txikiak ere ikusgarriak izan ziren eta guztira bertoko eta kanpoko 45 ume inguruk parte hartu zuen.
Krisi egoera honetan egonda, ez da esfortzu ekonomiko handiegia tamaina honetako lasterketa bat antolatzea?
Ba diruari begira, egia esan, hasiera batean pentsatzen genuena baino gutxiago atera zaigu ikuskizuna. Lagungarria izan da herriko zortzi enpresek eskainitako laguntza ekonomikoa eta beste hiruk materialean eskainitakoa. Zentzu horretan, gure ikuspegia zabalagoa izan da eta, alde ekonomikoaz gain, Arrankudiaga eta Zollo ezagutaraztea ere bazegoen gure helburuen artean. Horrez gain, lasterketa egunean, herriko plazan ikusi zen giroa zoragarria izan zen eta, azokaren eraginarekin batera, herriko tabernetatik ohikoa dena baino mugimendu gehiago ikusteko aukera izan genuen. Antolakuntzan egondako kide guztien lanak aipamen berezi bat behar du baita ere.
Bitxikeriarik?
Gauza gutxi, aipatzekoa agian helmugan bertan neska korrikalari batek zelan erakutsi zion ipurdia argazkilariari eta ikusleei jeje. Herritar askok ikusi zuten eta nahiko komentatua izan da herrian. Bestalde, datorren urteari begira, errepikatzeko aukera baldin badago, neskei bereziki animoak bidaltzen dizkiet asko entrenatzeko eta parte hartzeko!!
Eskerrik asko eta datorren urtera arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario