lunes, 30 de abril de 2012

ELKARRIZKETA

 JON BOLLARri

La plantilla de nuestro ayuntamiento no es muy amplia, pero aún así hay trabajadores y trabajadoras que no son muy conocidos en el pueblo. Jon Bollar es técnico de euskera  en nuestro ayuntamiento y otros ayuntamientos de la zona. Dentro de su jornada laboral, los miércoles trabaja en nuestro pueblo. Su trabajo es fundamental para la promoción del uso de nuestra lengua. Nos hemos dirigido a él para que nos explique un poco quien es, qué hace… Además, nos ha explicado que uno de los objetivos de este año es elaborar el nuevo Plan de Euskara. Le hemos pedido que nos explique el proceso para elaborar dicho plan, ya que es importante contar con la participación de la gente del pueblo.

1.- Hasteko, azalduko diguzu nor zaren?
Bai, nire buruaren aurkezpen moduan esango dizut ni Jon Bollar naizela, eta Arrankudiagako Udaleko euskara teknikaria naizela. Aurretik ere euskararen munduarekin erlazionatutako lanetan aritu izan naiz (AEKko irakasle izan naiz, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean euskara teknikari eta mankomunitate berean azken lau urteetan lehendakari). Arrankudiagan 2004tik nabil udal euskara teknikari lanetan.


2.- Eta, zein da zehazki zure lana udaletxean?
Nire lana, eta euskara teknikariena oro har, udalean hizkuntza politika egoki bat praktikan jartzeko aholkuak ematea, ekintzak zehaztea eta hauek abian jartzen laguntzea da. Horretarako euskara planak diseinatzen ditut eta horietan zehaztutako ekintzak aurrera eramaten ahalegintzen naiz.  


3.- Hizkuntza politika egokia aipatu duzu. Zeintzuk dira hizkuntza politika egoki baten gakoak?
Garrantzitsuena, inolako zalantza barik, borondate politikoa izatea da. Alkate-zinegotziek honetan sinetsi egin behar dute eta eurak izan behar dira herriarentzako eredu. Egoerari buelta emateko benetako nahia egonez gero, lanaren ehuneko handi bat eginda dago. Gaur egun gaztelaniak betetzen duen espazioa euskarak bete beharra du. Euskara lehenetsita egongo den guneak, gune euskaldunak irabazten joan beharra dago.


4.- Eta zeintzuk dira hizkuntza politika egokia aurrera eramateko ditugun tresnak gure herrian?
Euskara planak dira tresnak. Gaur egun euskara sustatzeko plan desberdin bi ditugu, bata udal barruan euskara sustatzeari begira eta bestea udalerri mailakoa. Udal barruko plana batez ere hizkuntza irizpideetan zentratzen den bitartean, udalerri mailakoa esparru desberdinetan euskara sustatzen ahalegintzen da. Hala ere, eta lehen esan bezala, argi izan behar dugu plan hauek bitartekoak direla, tresnak, helburua euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika ezartzea baita. Udalak onartuta dituen euskara plan bi hauek indarrean daude, bata 2008. urtetik eta bestea 2010etik, eta aurtengo abenduan iraungiko dira.


5.- Zein da zehazki 2012rako plangintza?
Aurtengo plangintzari dagokionez, garrantzi berezia hartuko du datozen urteotako udal hizkuntza politika zehaztuko duen plana diseinatzeak. Aurretik adierazi bezala, planen indarraldia amaitu egingo da eta aurtengo lana izango da batez ere datozen lauzpabost urteetan jorratuko dugun bidea zehaztea. Horrez gain, 2012. urteko plangintzak zehaztu bezala, esparru desberdinetan euskara sustatzeko ekintzak aurrera eramaten ari gara: jaioberrien familien artean euskara sustatzeko euskarriak banatzen ditugu, zaintzaile euskaldunen zerrenda berritu dugu, euskara ikastaroak antolatu, merkataritzan euskara sustatzen jarraitzen dugu, “Zuztarretatik ahora” egitasmoaren barruan geure hizkuntza-ondarea zabalduko dugu…; hala ere, datozen lau urteei begira oinarri sendoa jartzea izango da aurtengorako helburu nagusia. 


6.- Euskara Plan berria izango da oinarri sendo hori, ezta? Azaldu ahal diguzu zer den Euskara Plan bat?
Lehen adierazitako moduan, euskara plana lortu nahi dugun helburua eskuratzeko tresna bat da, bitarteko bat. Beti ere hizkuntza politika egokia buruan dugula, euskara planak herriaren errealitatetik abiatuta esparruz esparru lau urte barru lortu nahi duguna zehaztu behar du. Euskararen transmisioari zein erabilerari dagokionez non egon nahi dugun eta hori lortzeko eremuz eremu (familian, euskalduntze-alfabetatzean, irakaskuntzan, administrazioan, lan munduan, kirol arloan, hedabideetan…)  gainditu beharreko erronkak zeintzuk diren adierazi behar du. Zehatz-mehatz azalduta nola jokatu behar dugun arloz arlo.


7.- Zein izango da plan hori prestatzeko prozedura?
Plan hori prestatzeko lehenengo urratsa bizi dugun egoera zehaztea izango da, diagnostikoa egitea, eta horretarako gakoa izango da herritarren parte-hartzea. Ondoren, arlo guztietan lan iraunkor eta sakona egiterik ez denez izango, lehentasunak aukeratu beharko dira. Diagnosiak lagunduko du horretan eta, egoeraz gainera, egina dagoena eta egiteko dagoena begiratuko da. Euskararentzat funtsezkoak diren esparruak zeintzuk diren aztertu behar dira, eta baita lan eraginkor eta emankor bat egiteko aukera errealak zeintzuk diren ere. Eta amaitzeko, ondorengo lau urteotan gainditu beharreko erronkak zeintzuk diren eta herriko eragileen parte-hartzea zehaztuko da.


8.- Adierazi duzu plan hori egiteko ezinbestekoa izango dela herritarren parte-hartzea eta inplikazioa. Zer esango zenieke animatzeko?
Bai, plana bideragarria izateko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea eta inplikazioa. Lanaren egilea udala izango da, baina ez du lanean bakarrik aritzeko asmorik; herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean arituko da, bestela ez dago zer eginik. Udalak badu euskara lehenetsiko duen hizkuntza politika abian jartzeko borondatea, baina horretan ezinbestekoa izango da herritarren asmoak eta nahiak ezagutzea. Planaren ardatza herritarrok izango zarete, zuek ezagutzen baituzue egunez eguneko errealitatea. Beraz, aukera honetaz baliatu nahiko nuke antolatuko diren batzarretan parte har dezazuen eskatzeko.


Eskerrik asko Jon.

No hay comentarios: