lunes, 20 de mayo de 2019

ELKARRIZKETA

 TXUTXI ARIZNABARRETA ZUBEROri

El 26 de mayo tenemos elecciones municipales y forales. Txutxi Ariznabarreta cabeza de lista de EH Bildu nos habla del trabajo realizado hasta ahora, eta de los planes para los siguientes cuatro años. Nos habla de las ganas de seguir mejorando la gestión, de seguir fomentando la participación, de mantener el ayuntamiento abierto a todo el mundo. EH Bildu quiere seguir ofreciendo honestidad, transparencia, compromiso e ilusión.

1.- 8 urte bete ditu EH Bildun udal gobernuan. Ezker Abertzalea legez kanpo urteak egon ondoren, Bilduk aukera izan zuen aurkezteko, eta, ordutik, alkatetzan izan da. Hainbat aldaketa nabarmendu dituzue urte hauetan. Zeintzuk izan dira garrantzitsuenak?


Alde batetik, udal kudeaketaren gardentasuna, herritarrekiko hurbiltasuna, parte-hartzearen aldeko apustua eta elkarbizitzaren arloan egin diren pausuak. Bestetik, era oso eraginkor eta efizientean kudeatu da Udala, urtetik urtera erremanente positiboak lortuz eta zorpetze maila murriztuz, egungo egoera ekonomiko oso sendora iritsi arte. 

Gracias a la gestión de estos 8 años, hemos llegado a una buena situación económica, con remanente positivo, y se ha reducido de manera notable el endeudamiento. Esta situación garantiza la viabilidad económica de los proyectos que tenemos encima de la mesa.

2.- Herritarren parte-hartzea lortzea izan da erronka handienetako bat. Aurreko Ezkurran, EH Bilduko udal ordezkariek balorazio positiboa egiten zuten horren inguruan, baina ikusten zen behera egin duela parte-hartze horrek. Zein edo zeintzuk izan daitezke horren eragileak?

Bi legealdiotan egundoko ahalegina egin da EH Bilduren aldetik parte-hartzearen arloan, eta emaitza oso onak lortu dira. Baina, benetan elkartasunean eta elkarbizitzan oinarritutako herri bizia nahi badugu, etengabe ekin behar diogu parte-hartzea bultzatzeari. Herriko elkarte eta talde guztiekin izandako esperientziak baloratu, aukera berriak aztertu, eginkizunak zehaztu eta ekimen iraunkorrak finkatu eta suspertu behar ditugu.


Es importante valorar la experiencia que hemos tenido con todos los grupos y agentes del pueblo, analizar nuevos posibilidades, establecer funciones y consolidar y potenciar iniciativas permanentes.


3.- Udalaren ekonomia saneatzea lortu da 8 urte hauetan. Zer esan nahi du horrek? Zer ondorio izango ditu?

Horrek argi adierazten du EH Bilduren udal taldearen gestiorako gaitasuna. Txalotzekoa da gure alkate eta zinegotziek, eta udal lantalde osoak, egin duten lana. Eta ondorio zuzena du aurrera begira, mahai gainean ditugun proiektu oso garrantzitsuen bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duelako udaleko diru kontuen egoera sendoak.


4.- Erronka gehiago izan dira. Bata, urarena. Apur bat luze doa kontua. Zer egoeratan dago orain?

Bai, egia da uraren kontua luzatu egin zaigula, baina metodologia oso zehatza jarraitu dugu eta bere emaitzak ikusiko ditugu epe laburrera. Udalak era autonomoan ura eta saneamendu sarea kudeatzeko aukera aztertzeko ikerketa-lan sakona egina dago. Orain, Ur Partzuergoan sartzeak eskaintzen duen aukera aztertzen ari gara. Hilabete honetan bertan jasoko dugu eskaintza zehatza. Bi aukerak konparatu eta erabakia hartuko dugu. Epe oso laburrean kalitatezko ur hornidura egokia izango dugu etxe guztietan, eta gaur egun eskatzen diren parametroetara egokituko dugu saneamendu-azpiegitura osoa. 


5.- Beste bat: Oxinburu. Proiektu erraldoia, baina ezinbestekoa gure herrian. Gauzatze-bidean dago oraindik, baina hor dago, zati handi bat bideratuta.

Obra oso garrantzitsua da. Itxura eta nortasun berria emango dio Elexalde inguruari eta garai berrien ikurra izango da. Belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitzarako gunea. Jarduera kultural eta sozialetarako azpiegitura. Eta abar, eta abar.
Bai, proiektu handia da eta, horrexegatik, prozesu luze eta konplexua eskatzen du eta ibilbide hori egin dugu: eraikina erosi, bere misio soziala finkatu, proiektua zehaztu, bideragarritasun ekonomikoa landu... Exekuzio proiektua eta obrak adjudikatzeko pleguak prest daude, eta finantzaketarako plana zehaztuta dago. Hauteskundeak pasatu bezain laster martxan jarriko dugu eraikuntza fasea. 


Oxinburu será un espacio importante para la convivencia entre diferentes generaciones. Una infraestructura para actividades culturales y sociales.

6.- Aurrekoak lan handiak dira. Baina badaude egunerokoan sortzen direnak, edo lan txikiak, edo bestelako zeregin batzuk: argiterian egindako inbertsioa, bideak…

Argiteria publikoan egindako inbertsioak garrantzi handia du efizientzia energetikoaren aldetik. Orain energia gutxiago kontsumitzen dugu eta asko merkatu dugu argindarraren faktura. EEE/EVEren diru-laguntzekin egin dugu eta, jakina, haren irizpideetara egokitu gara.

Ekimen zerrenda luzea burutu da arlo desberdinetan eta urrats sendoak egin dira politika sozialean eta udal zerbitzuetan zein euskera arloan, kultura mailan, feminismoan edo kirolean.

Aurrera begira, ETXEBIZITZA gaiak arduratzen nau bereziki. Bete-betean helduko diogu gai honi. Gazteei herrian berton bizitzeko aukera eskaini behar diegu. Badakigu indarrean dagoen Etxebizitza Legeak ez duela lurzoru publikoan jabego pribaturako etxebizitzarik eraikitzen uzten, eta sakon aztertzen ari gara aukera guztiak. Beharrezkoa izanez gero, udaleko hirigintza planeamendua egokituko dugu proposamen zehatzak aurkezteko: alokairu sozialeko etxeak, dotazionalak, kooperatiboak, … Eta, etxebizitza hutsen gaiari ere helduko diogu.


Me preocupa el tema de la vivienda, por las limitaciones que supone la nueva ley. Vamos a analizar en profundidad todas las posibilidades que existen, para que la gente joven pueda vivir en el pueblo.

Beste jauzi garrantzitsu bat ere egin behar dugu, punta puntako udal aministrazio aurreratua eta eraginkorra gauzatu behar dugu: jarduera administratiboaren digitalizazioa; ordenantza eta erregelamendu zehatzak gai eta arlo guztietan; herritarrenganako arreta hurbila eta eraginkorra; informazio arloan, udal aldizkaria eta web orria hobetu eta sare sozialek eta teknologia berriek eskaintzen dituzkiguten aukeretaz baliatu behar dugu. Aurten, adibidez, webgunea eguneratu da, atal berriak jarri dira, iragarkiak jartzen dira, plenoak argitaratu, eta abar. Bide honetatik aurrera egin behar dugu. Nik udal langileengan konfidantza osoa daukat, eta eurak dira hau guztia lortzeko bermerik onena.


7.- Eta, hemendik aurrera? Zer eskaini nahi dio EH Bilduk herriari?

Zintzotasuna, gardentasuna, konpromisoa eta ilusioa. Gure programako egitasmo eta erronkak aurrera eramateko prestaturik dagoen ekipo sendoa. Alde batetik, udalgintzan esperientzia luzea duten pertsonak eta, bestetik, gazteen kemena eta haize freskoa. 


8.- Eta Txutxi Ariznabarretak zer eskaini nahi dio?

Ilusioz beterik heltzen diot lau urteko bidaia honi. Arrankudiaga eta Zolloren zerbitzura bete-betean lan egiteko konpromiso zintzoa eskaintzen diet herritar guztiei. Baina, EH Bilduren filosofian, pertsona bakoitzaren ekarpenetik harago, talde osoaren lanak dauka erabateko garrantzia, erabakiak hartzerakoan zein egitasmoak garatzeko orduan.

Ildo horretan, benetako lan kolektibo eta parte-hartzailea burutzeko, zinegotziek eta lantaldeetan parte hartzen duten kideek osatzen duten lan esparru zabala koordinatu eta dinamizatzeko ardura hartzen dut neure gain. Nire ibilbide laboralean zein sozial eta politikoan proiektu eta lantaldeen kudeaketan izan dudan esperientzia guztia jarriko dut ahalegin horretan.
 

9.- Amaitzeko, herritarrentzako mezurik?

Arrankudiaga eta Zollon bizi-kalitate oso ona gauzatzeko eta jendea zoriontsu bizitzeko lekua eratzeko baldintza objektiboak daude. Horretarako, azpiegitura eta zerbitzu egokiez gain, kohesio soziala da funtsezkoa. Elkarbizitza, elkartasuna, berdintasuna eta justizia soziala dira Arrankudiaga eta Zolloko herritarrok osatzen dugun komunitatea benetan bizia eta kohesionatua bilakatzeko oinarria.


La convivencia, la solidaridad, la igualdad y la justicia social son la base para que las vecinas y los vecinos de Arrankudiaga y Zollo conformemos una comunidad realmente viva y cohesionada.

Hori guztia lortzeko gakoa? Parte-hartzea, parte-hartzea eta parte-hartzea! Herritarron protagonismoa ezinbestekoa da, guztiontzako herria guztion artean eraiki behar dugulako.

Lerro hauek aprobetxatuz, gogora ekarri nahi dut, orain urtebete joan zaigun Joseba, bere bizitza osoa borroka guztietan ibiltzeaz gain, azken 8 urte hauetan buru-belarri aritu izan da lantaldeetan bere ekarpenak egiten. Eta joan zaizkigun ezker abertzaleko zinegotzi ohiak, Anton del Rio, Jon Egia, Anamari Borde eta Ramon Arbide. Izan zirelako gara…  

No hay comentarios: