lunes, 30 de mayo de 2016

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak aurrera darrai


Denok sentitu behar dugu geure bizitza kontrolatu ahal dugula, zenbait arlotan jakina, denok hamaika erabaki hartzen ditugu egunean zehar; geure inguruan nola edo hala eragiten dugula, oso nabarmena ez bada ere; herri/elkarte... bateko partaide garela, gizakiak gara eta gure arteko harremanak ezinbestekoak dira. Hainbat momentutan/egoeratan, bat egiten dugu elkarlanean gauzak aurrera ateratzeko: ideiak, jendearen parte hartzea, inplikazioa prestaketan, eskarmentuak... partekatzeko eta indarrak batzeko.

Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena da azken urteetan indar handiz plazaratu den horietako bat. Eskubide hori guztiz demokratikoa denez gero, demokrata guztientzako bilgunea da, eta hori gauzatzea oinarrizkoa da herri honentzat. Funtsezkoa da guztiok izatea adierazteko aukera, libreki adierazi ahal izatea pentsatzen duguna. Herritarren parte hartzea eta bultzada honen inguruan argi ikusi da hainbat biderretan: milaka pertsona kalera/errepideetara/futbol zelaietara... aterata, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dugu azkeneko bi urteetan. Aldarrikapenak festa giroz egin dira eta helburua argia: euskal herritarrok hautestontzietara eramatea erabakitzeko eskubidea. Herri mugimendu handiak garrantzitsuak dira, eta bestetik gure herriaren etorkizunarekin bat datozen erabakiak ere hartu eta bultzatu behar dira.

Eskoziako eta Kataluniako bideari jarraituz, Etxarri Aranatzen 2014ko apirilaren 13an eta Arrankudiaga-Zollon 2014ko azaroaren 2an egin ziren kontsultak. Gurean, sentsibilitate politiko/erlijioso/kultural... ezberdineko auzokide talde batek bultzatu zuen ekimena, eta Etxarrikoek prestatutako protokoloan oinarrituta ekin genion gure ibilbideari. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarri dugu, kalitate demokratiko handiko prozesu baten bidez: Hauteskunde Protokoloa egokitu/bete, lokala bilatu eta prestatu, Interbentoreak eta behatzaileak aukeratu gardentasuna eta fidagarritasuna bermatzeko... Arrakastatsua izan zen galdeketa: 16 urtetik gorako herritarron %61,59k parte hartu genuen, mundiala! Parte hartze handia; adin guztietakoak bai plazan, frontoian...; zanpantzarrak, Etxarrikoak, ondoko herrietakoak, herrian bizi izan genuen giroa; aurpegiek islatzen zituzten emozioak, begirada konplizeak... denok bat. Bagenekien ez zela loteslea, baina sentitu/pentsatzen genuena adierazteko aukera izan genuen. Esperientzia aparta izan da, ahaztezina!!!

Eta ekainaren 5ean, 34 udalerritan egin dituzte galdeketak: Ispasterren,Aramaion, Goierrin, Debagoienean eta Azpetian; 125.000 biztanle baino gehiago hartzen dituzte.

Eta, 3 egun arinago, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Erabakitzeko Eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela azpimarratu dute, eta horregatik babesten dituztela galdeketak. Era berean, galdeketa horietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Agiria EAJ eta EH Bilduko batzarkideen aldeko botoekin onartu dute. Ahal Dugu abstenitu egin da, eta PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute. Gogoratu iazko irailean Kataluniaren erabakitzeko eskubidea ere babestu zutela. PSE-EEk eta PPk aurkako botoa eman zuten eta AHAL DUGU abstenitu zen.

Beste aldetik, Urquijok idatzi die kontsulta egingo diren herrietako alkateei ez nahasteko eskatuz. Udalen baliabiderik ezin dela erabili igandeko kontsultetan, udalek neutral jokatu behar dutela...

Urkijoren oharrak ez du ezer aldatuko. Izan ere, galdeketak udalen parte hartzerik gabe antolatu dituzte, tokian tokiko elkarteek. Hautestontziak ere ez dituzte udal eraikinetan jarri...

Konfrontazioa da Espainia estatuaren erantzuna: errekurtsoak, legeak, trabak, mehatxuak...arlo guztietan, baina gure herriaren erabakia irmoa ere. Joko demokratikoa martxan da.

Jaione Morgaetxebarria

No hay comentarios: