domingo, 22 de enero de 2017

ELKARRIZKETA

KAMARAKA ESKUPILOTA ELKARTEAri


Con motivo del 20 aniversario de Kamaraka Eskupilota Elkartea, hemos estado con Iratxe eta Jon, que nos han hablado de la exposición realizada en diciembre con fotografías de estos 20 años, así como de otros aspectos referentes a su asociación. Así, hablan de los cambios de funcionamiento que se han dado desde que se creó la asociación a iniciativa de Luis Mari Larizgoitia. Al principio fue fundamentalmente un funcionamiento basado en el trabajo voluntario. Hoy en día, los monitores que se encargan de los entrenamientos tienen contratos. Pero desde siempre el objetivo ha sido ofrecer un ambiente sano y euskaldun, para potenciar la práctica del deporte, e implicarse en la dinámica del pueblo (fiestas, etc.). También valoran positivamente el apoyo recibido por el ayuntamiento durante todos estos años. Y animan a las niñas y a los niños a probar este deporte.

Abenduko azken egunetan eta zuen 20. urteurrena ospatzeko, argazki erakusketa bat antolatu zenuten frontoian. Zer egin zenuten zehatz-mehatz eta zelan joan zen?

Bai, horrela da. Lehenengo eta behin antzinako argazkiak biltzeko lantxo bat egin genuen. Argazki pilo lortu ondoren, horiek antolatu eta 200 bat argazkiko aukeraketa bat egin genuen, apur bat denetarik egoteko asmoarekin: txapelketak, desfileak, etab. Bideoak ere izan genituen esku artean hainbat guraso pasatuta, baina, momentuz ez dugu ezer egin haiekin. Orain arte lortutako garaikurrak ere mahai batean erakutsi genituen. Balio gehien zeukana, agian, Bizkaiko herri arteko txapelketan hirugarren sailkatu ginenean, baina, horiek beste kontu batzuk dira. Egia esan, interesgarria izan zen, herriko eta kanpoko jendea pasatu zen bertatik eta garai batean pilotari izandako jendea ikusteko aukera ere izan genuen.

20 urte pasa dira  Kamaraka jaio zenetik.  Aldaketa nabarmenak igarri dituzue ordutik hona?
Aldaketak eman dira bai; izan ere, Luis Mari Larizgoitiaren ekimenez hasi zen gure istorioa. Beranduago,  guraso batzuen laguntza heldu zen eta  eskolako guraso elkartearen menpe funtzionatzen hasi ziren. Hortik urte batzuetara sortu zen elkarte independente bezala.  Garai batean, Arratia Nerbioin jokatzen genuen eta herri modura jokatzen zen. Ohitura polita zegoen, besteak beste, partiden ostean merienda egiten zen guztien artean. Aipagarria da gure Estatutuetan islatuta zegoela sozializatzeko era hori. Baldintzetan ere aldaketa nabariak ikusteko aukera izan dugu: garai bateko itoginak, hotza. Esan bezala, gaur eguneko baldintzak pilo bat hobetu dira zentzu horretan. Monitoreen kontuarekin ere ezberdin funtzionatzen dugu gaur egun. Hasieran boluntarioak ziren, baina, egun, era bat erregularizatuta dago eta kontratu legalak egiten zaizkie.


Zer eskaintzen diozue hona datorren gazte pilotariari? Eta euren gurasoei?
Eskaini? Ba giro ona, sanoa, euskalduna. Zentzu horretan, gauzak serio egiten ditugu eta esan beharra dago ez dugula inolako kribarik egiten maila edota bestelako irizpideak direla eta. Hemen ume guztiak ongi etorriak dira. Monitoreak formatuta ditugu eta euskaldunak dira eta hori umeekiko harremanetan igartzen da. Gurasoekiko harremana ere zuzena da eta eurei ere konpromisoa eskatzen zaie gehien bat asteburuetako partidetan.


Herriko gazteak baino ez daude Kamaraka? Zer nolako plantila duzue pilotari eta monitoreen artean?
Historikoki, pilotari gehienak bertokoak izan dira, eskolakoak, baina, beti egon da beste herrietako jendea ere bai. Garai batean, Laudiotik etortzen ziren han ez baitzegoen egiteko aukerarik. Beranduago, Aretakoa sortu zen eta bertara joaten hasi ziren. Bilbotik eta Ugaotik ere etorri zaizkigu hainbat. Esan bezala, beti izan dugu kanpoko inor. Egun, Ugaoko bost  eta Laudioko bat daukagu, beste guztiak herrikoak direlarik; hogeita piku pilotari guztira. Honez gainera, bi monitore daude eta bost pertsona juntan: 3 emakume eta bi gizon.


Partaidetzak gainbehera egin du?
Egun, ume gutxiago dago garai batean baino, baina, hori dagoen aukera anitzagatik izan daiteke ere. Herriko dinamikak ere badauka zer ikusirik; sakabanaketa handia dago eskolaz kanpoko ekintzak  egiterakoan eta ume asko Ugaora, Laudiora edota beste herrietara joan ohi dira bestelako ekintzak egitera. Lehen hori ez zen gertatzen, hiruzpalau ekintza zeuden herrian egiten zirenak eta ordutegiak zapaldu barik antolatzen ziren. Gaur egun hori ezinezkoa da dagoen eskaintzagatik. Giroan ere aldaketa hori ikusi da.


Eskola kiroleko kategoriako umeak dituzue soilik?
Duela hiru urtera arte, Eskola Kiroleko umeak eta federatuak izan ditugu.  Baina, geneukan talde federatua azkenean desegin zen. Kontua da apurka-apurka sail hori berriro berreskuratzea. Zentzu horretan, Eskola Kirolak planteatzen duen helburuen artean,  etapa hori pasatu eta gero, kirolariak sortzea izango litzateke bat, hots, federatu etapan. Guk datorren urtean bi ala hiru izango ditugu adin horretan eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Edozein modutan, hor txapelketak eta helburuak ezberdinak izaten dira.


Esku-pilota bakarrik lantzen duzue egun. Pilota modalitate gehiago eskaintzeko asmorik?
Ba, printzipioz, ez. Argi izan behar dugu herri txikia garela eta gauza gehiegi ezin ditugula hartu. Hala ere, inoiz komentatu dugu, agian, neskentzat adin batera helduta, agian pala eskaintzea, baina, beno. Ez da kontu erraza eta momentuz esku-pilotarekin jarraituko dugu.


Urrutikoetxea bezalako pilotariak eredu izan behar dira gure kirolari gazteentzat? Zer diozue?
Jeje, guk argi ikusten duguna da kirolaren eta, gure kasuan, esku-pilotaren praktika bultzatu behar dugula, giro majoa sortuz, harremanak sendotuz. Ondo dago hurbileko holako pilotariak izatea jende gehiago animatzeko, baina gure helburua ez da profesionalak ateratzea. Zentzu horretan, kirola egitea, eskola kirolean bereziki, eskubide bat izan behar da umeentzat, dituen onurengatik, arlo fisikoan, harremanetan, etab.


Zer eskatu dio Kamarakak Olentzerori etorkizunari begira?

Ba neskato gehiago etortzea, esate baterako. Ez dira hainbeste animatzen eta aurten eskolatik ere animatzeko kanpaina egin arren, zulo handia ikusten dugu oraindik. Giro ona daukagu pilotan, herrian bertan egiten da, giro euskaldunean. Ba horixe, ume gehiago animatzea esku-pilota frogatzera.


Aipatzeko zerbait gehiago?
Bukatzeko esan nahi dugu betidanik udalak jarrera ona izan duela gurekin, batetik ekonomikoki, diru-laguntza ona emanez eta krisi garaian mantendutakoa. Gainera, bai alderdi bat zein bestea agintean egonda, mantendu egin da laguntza hori. Bestetik, instalazio aldetik eta beste hainbat  gauzetan ere bai, ondo zainduak sentitzen gara. Gure aldetik ere herrian eragina izaten ahalegintzen gara eta hainbat ekitaldi antolatzen ditugu herriari begira; jaietan, Andra Mari egunean eskolakoekin, berakatz egunean afizionatuak ekartzen….


No hay comentarios: