domingo, 31 de mayo de 2015

ELKARRIZKETA

ERDU GUGAZ 
BATZORDEKO KIDEEI

Erdu Gugaz es una comisión de padres y madres de la escuela, que se ha creado durante el curso 2014/15, para potenciar el uso del euskera tanto entre niñas y niños como entre padres y madres. Nos hemos dirigido a las personas que forman parte de esa comisión y nos han hecho llegar su preocupación por el poco uso del euskera y por la baja calidad del euskera utilizado. Ante dicha situación, ha decidido abordar de manera activa el problema, y, así, a lo largo de este curso han organizado diversas actividades: salida al monte, salida a Basauri Antzokia o la fiesta a favor del euskera del 23 de mayo. Remarcan la gran responsabilidad que tienen padres y madres en la trasmisión de nuestro idioma.
 

1.- Zergatik sortu da Erdu Gugaz batzordea? Zergatik orain?

Erdu Gugaz batzordea 2014-2015 ikasturtean sortu da. Ikasturte hasierako eskola kontseiluan gure herriko umeen euskararen erabilera eskasaren inguruan eta euskararen kalitatearen inguruan zegoen kezka azaldu zen. Kezka honen inguruan zerbait egin behar zela pentsatu genuen eta honela euskara batzorde bat sortzea erabaki genuen.  Eskola kontseiluak eta AMPAk deialdi ireki bat egin zieten eskolako gurasoei eta bertara hurbildu ginenok Arrankudiaga eta Zolloko eskolako euskara batzordea sortu genuen. Hortik aurrera, hainbat bilera izan ditugu eta horretako batean batzordeari izena jartzea erabaki genuen, horrela sortu zen Erdu Gugaz.
Ideia ez da berria izan,  aurretik ere egon dira  Arrankudiaga eta Zolloko eskola eremuan sortu diren taldeak. Orain ideia hori berreskuratu  egin dugu eta euskararen erabilerari bultzada bat eman nahian elkartu egin gara.

Taldea berria da eta egia esan,  ilusio eta gogo handiz ari gara lanean.  


2.- Zeintzuk dira batzordearen helburuak?

Gure helburua euskararen erabilera sustatzea da, baina ez bakarrik gure seme-alabena, batez ere eta bereziki gurasoen eta helduen artekoa sustatu nahi dugu. 
Gure bileratan euskararen erabilera eta  transmisioari buruz hausnartu dugu eta arlo honetan guraso moduan dugun erantzukizuna oso garrantzitsua dela uste dugu. 


3.- Nork osatzen du batzordea? Edozein sartu ahal da?

Batzordea Arrankudiaga eta Zolloko eskolako guraso batzuk osatzen dugu. Deialdia eskolako gurasoei zuzendu zitzaien eta horrela sortu da taldea. Momentuz eskola eremuko batzorde bat gara eta irekia da, noski! Gure helburua konpartitzen duen edonor ongietorria izango da. Izenak dioen moduan, Erdu Gugaz!


4.- Azaldu ikasturte honetan egin dituzuen ekintzak. Zein da zuen balorazioa?


Bai, beno balorazioa oraindik egitea falta zaigu, ea ikasturtea amaitu aurretik egiten dugun.
Ekintzei dagokienez, esan beharra dago gure egitasmoa eta antolatu ditugun ekintzak umeen eta senideen aisialdiarekin lotuta daudela eta hiru dira martxotik hona antolatu ditugun ekintzak. Apirilaren 19an,  mendi irteera antolatu genuen Pagobakarrara, hamaiketakoa eta guzti! Txangoan berrogei pertsona inguruk parte hartu genuen. Apirilaren 26an, trenez,  beste irteera bat egin genuen. baina oraingo honetan Basauriko Sozial Antzokira. Bertan “Sialux hartzaren bidaia” antzezlana euskaraz ikusteko aukera izan genuen. Azken ekitaldia maiatzaren 23an egin da. Egun honetan haurrentzako euskararen aldeko jaia antolatu genuen. Haurrentzat puzgarriak eta tailerrak egon ziren eta bukatzeko txokolate goxoa denontzat.  Azken ekitaldi hau aurrera ateratzeko udalaren diru-laguntza izan dugu. 


5.- Badaukazue prest datorren ikasturterako programazioa?

Ez oraindik ez. Ideia batzuk baditugu baina oraindik ikasturte honetako ekintzen balorazioa egitea falta zaigu, eta datorren ikasturterako programazioarekin hastea. 


6.- Eskolaren eremuko batzorde bat da, baina zabalduko duzue herrira?

Bai, egia da, momentuz eskola  eremuko batzorde bat gara. Guraso moduan batzen gaituen esparruan hasi gara lanean eta momentuz ez dugu  hitz egin  beste eremutara zabaltzeaz, baina zergatik ez!  Azken finean herrian gure helburua konpartitzen dutenak asko eta asko direla ziur gaude eta badakizue  gogoa den tokian aldaparik ez!


7.- Elkarrizketa guztietan eskatzen dugunez, mezurik herriarentzat?

Gure mezua bereziki guraso eta helduei zuzenduta egongo litzateke, gu baikara euskararen transmisiorako eta motibaziorako oinarria. Euskararen ezagutza, euskara erabiltzeko ohitura eta, batez ere, euskararekiko jarrera positiboa eta aktiboa izatera animatu nahi ditugu Arrankudiaga eta Zolloko biztanleak.

Lorea Agirrek aurtengo korrikan idatzi eta irakurri zuen mezuaren zatitxo honek  dioen bezala:


“Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa.
Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena.
Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da.
Euskararena auzi publikoa da, kolektiboa da.
Euskararena herrigintzaren auzia da.”

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Komentarioak egin ahal dituzu hemen, baina beti sinatuta bukaeran.
Aqui puedes hacer tus comentarios, pero siempre firmando al final.